SORKUNTZA PROZESURAKO GALDERAK

1 / Nondik heldu korrika egiteari herrena izanda? Debekutik, autoezagutzatik, desiratik, ezinetik, jolasetik, arriskutik, kritika sozialetik …?

 2 / Zein da ez-gaitu izendatutako gorputzen potentzia politikoa eta eszenikoa?

3 / Nola berreraiki norbere gorputzaren  narrazio propioa? Zein paper jokatzen dute  gorputzaren memoriak, intimitate biografikoak eta gizarteak horretan?

PROIEKTUAREN IBILBIDEA

Noiz hasten da promesa bat materia bihurtzen?

Arte Dramatikoko Goi Mailako ikasketetan (Dantzerti) titulatzeko  burututako ikerketa performatiboa abiapuntu,  urte beteko ibilbidea izan duen sorkuntza proiektua da honakoa 2019 eta 2020 artean. 

Erresistentzia arazo fisikoa da 2019ko Azpeitiako Sormen Beka-gatik saritua eta Harrobiako Trantsizioak programaren proiektu aukeratuetako bat izan da. Dinamo Sormen Gunea, Euskal Antzerki Topaketak jaialdia, Zumaiako Udala eta Harrobiaren laguntzarekin egoitza burutu  eta publikora prozesua irekitzeko aukerak izan ditu sormen prozesuan zehar. Horman Poster bidaide izan du ekoizpenean emandako laguntzatik hasita sortzaile berriontzat berebizikoa den babes artistiko eta afektiboraino.

Ibilbide oparo eta sendo baten ondoren, antzezlana 2020ko Eztena Jaialdian estreinatuko da datorren irailaren 11an. 

SORKUNTZA-IKERKETA

Nola egin saltaka norbere gorputzetik?

Running-a gorputzen normalizaziorako diziplina teknika da egunotan.    Korrika makinak berriz,  XIX. Mendeko Ingalaterrako kartzeletan presoak zigortzeko asmatutako oinezko errotan du jatorria. Bi elementu hauek elkartuta egungo gizartearen promesa erreproduzitzen da eszenan: norbaitek korrika egingo du makina gainean, eta gorputz horren aktibitatea funtzionala, errentagarria eta indibiduala izango da. Zer gertatzen da ordea interprete  herrena martxan dabilen korrika makina baten aurrean jartzean? Zein aukera agertzen dira normaltasuna zalantzan jartzeko? Nola desintegratu dezake perfekzio fisikoaren promesa hori?

Ekintza burutu aurretik gelditu eta galdera horretan arakatzea du helburu antzezlanak.

Interprete erren, lodi eta emakumezko gisa sailkatuak, korrika ekintza estereotipatu eta mekanikoa izatetik existentzia eta baldintza konkretu batzuetan burutzen den esperientzia  bezala ikertzen du..  “Desgaitua” izendatu dutenaren gorputz disidente horrek bere memoria korporala berreskuratu, medikuntzaren sententziei aurre egin eta narrazio eta autonomia propioa eraikitzeko saiakera da antzezlana.

ZER DA ?

1 Desgaitasunaren kontzeptua lehen pertsonan eta gorputzetik lehertzeko-hausnartzeko        saiakera. Ahalduntze ariketa gure bizitzen eta gaitasunen narrazio propioa eraikiz.

2 Korrikaren bitartez gorputza eta  makina harremanetan jartzen dituen ariketa sortzailea.

3  Herren gisara burututako zapalkuntzen eta pribilegioen autokritika eta umore ariketa feminista eta anti- kapazistista.

4 Artistikoa, biografikoa, intimoa eta politikoa eszenan gurutzatzeko esperimentu performatiboa.

5 Poesia bisuala, umore absurdoa, bakarrizketa eta performanze-akzioa nahasten dituen lengoaia poetiko arteko euskarazko antzezlana.

6 Memoria historiko-intimo berreskuratze ariketa: gorputz disidente eta deserosoen ikusgarritasuna eta  aitortza eszenaratzea.

7 Publikoarekin konpartitzeko auto-maitasun eta zaintza ekintza.   

8 Euskal arte eszenikotako sortzaile eta  interprete berrien profesionalizazioa eta autonomia artistikoa bultzatzen dituen proiektua.

9 Eszenako arlo eta belaunaldi desberdinetako emakume profesionalen arteko lankidetza modu propioak eta iraunkorrak eraikitzeko apustua.