Jar gaitezen dramatiko

Sormenaren eta gorputzaren bidez dramatizatzeko lantegia, Tabakalerako Medialab-ekin elkarlanean

(TAILERRAREN EDUKIAK) https://www.tabakalera.eus/eu/jar-gaitezen-dramatiko

Drama hitzak “ekintza” esan nahi du eta lantegi hau dramatikoak izatera jolasteko gonbidapena da. Mintzen, kezkatzen, amorratzen, aspertzen gaituenarekin, besterik gabe, ustez desiratzen ez dugun horrekin dramatik erlazionatzeko aukera. Harreman hori sormenaren bitartez ikertu eta lan dramaturgikoaren bidez manipulatu ostean gure inguruarekin nola konpartitu esperimentatzekoa.

Antzerkia publikoarekin eraikitzen den prozesu bezala ulertzeak, “zer” kontatzen den baino, “nola” kontatzen den horretan arreta jartzera garamatza. Teatralitate garaikidean fikzioa,  interpretearen eta publikoaren artean garatutako harremanaren  ondorioa da. “Hemen eta orain” garatzen den harremana; arrotza eta ezaguna, emozioa eta hausnarketa, enpatia eta diferentziazioa, egia eta gezurra, ironia eta gardentasuna,  ni-a eta gu-a modu ezberdinetara artikulatzeko potentzia duena. 

 

Nola egingo dugu:

Elementu biografiko eta testuingurukoak material poetiko gisa erabiliz. Memoria, autofikzioa eta gorputz esperimentazioa lantzeko dispositibo eszenikoaz baliatuz.  

Gorputz disidentzia eta erroreari agertzeko tartea utziz. Baldarkeria, ezintasuna, gehiegikeria, desitxuraketa, zaurgarritasuna eta zalantzarekin jolastu normatibitatea  zalantzan jartzen dituen diskurtso estetiko-eszenikoa garatzeko. 

Pertsonaletik politikaraino bidea eginez.  Interprete-sortzaile gisa, enuntziatzeko eta narratiba disidenteak eraikitzeko dugun gaitasuna aktibatuz. 

Fikzioa eta errealitatea nola artikulatzen diren esperimentatuz. Dramaturgiaren ardatza interpreteak esplizituki eszenan berreraikitzen duen errelatoa izanik. 

Iruditegi kolektiboa esploratuz eta zabalduz.  Eszenan gertatzen dena jaso eta proiektatu daitezkeen errealitate posibleak zein eta nolakoak (formalizazioa) izan daitezkeen imajinatzeko. 

Begirada teatralizatzailea arretaz aktibatuz. Material eszeniko bakoitzaren idazketa eszenikoa (egitura, adierazteko modua, lengoaia) nolakoa izan behar den taldean lantzeko. 

 

 

 

Antolakuntza honakoa izango da: 

Entrenamendua: talde giroa zaindu eta sormena kitzikatzeko mugimendua, kognizioa, sentsorialitatea eta behaketa lantzeko jolas eszenikoak.

Sormen ariketak:  abiapuntu eta lengoaia eszeniko ezberdinak hartuaz (irudi poetikoak, idazketa, koreografia, instalazioa…) eta dispositibo eszenikoaz (diskurtsoa x objektua x gorputza x espazioa) baliatuz sormen ariketak burutuko ditugu. 

Dramaturgia eta idazketa eszenikoa: sormen lanak kolektiboan behatu, partekatu, gurutzatu eta berridatziko ditugu elkar eraginez.